KOMUNIKAZIO TRESNA BERRI BAT - UNA NUEVA HERRAMIENTA DE COMUNICACIÓN

miércoles, 14 de septiembre de 2016

NAFAR GOBERNUA ETA UME: BERANDU BAINO LEHEN

 
 
Ikearen katalogo bat hartu eta errefuxiatuen aldeko erreportai bat ikusi ezkero, inori ez zaio burutik pasako Ikearen helburua aldatu egin denik; nahiz eta informazio horrek errefuxiatuen egoera ezagutarazten lagundu dezaken, enpresa honen helburua beti ere altzariak saltzea izango da, eta segurunik horrelako erreportaiek ere bere azkeneko helburuan lagunduko diote.

Antzeko zerbait gertatzen da UME rekin (Unidad Militar de Emergencias). Abuztuan Tafalla inguruan izandako sutea itzaltzeko lanetan parte hartu ondoren, eguneroko berria dugu UME. Bi aldiz eskatu du dagoeneko ejerzitoaren laguntza suteak itzaltzeko gobernu berriak, abenduan Bidasoa aldean izandako suteetan eta berriki Tafallakoan. Ikeak errefuxiatuak erabiltzen dituen bezala, UME daukagu haien ondareak eta bizitza ere arriskutan ikusten dituzten herritarren salbatzaile modukoa. Eta zer da UME? Espainiar ejerzitoa justifikatzen duen marketing produktu bat, herria babesteko aitzakiarekin oinarritzat gerra egitea duen erakunde ilun baten aurpegi argia. Mundu osoan armakuntza zabaltzen diharduten espainiako esku beltzek negozio ederra egiten duten bitartean, %3 hain zuzen ere, UME ren bitartez haien aurpegia garbitu nahi dute (ez dute armarik erabiltzen, larrialdietan laguntzen dute…)

Muturreko beharreko egoera batean uler daiteke UMEren laguntza eskatzea, nahiz eta ez da hori Nafarroako aipatu suteetan gertatu dena, haien lana ez baita erabakigarria izan sute hoiek itzaltzerakoan. Baina gai honen inguruan benetan onartezina iruditzen zaiguna, gobernu honek, aldaketaren gobernu aurrerakoi honek berriki erakutsi digun argazkia da, UMErekin ospaturiko bileraren argazkia hain zuzen, non barne saileko zenbait nagusiek haiekin daukaten harremana eta kolaborazioa garatu nahi dutela adierazi duten.

Nafarroako Larrialdietako eta Babes Zibileko zerbitzuen egoera larria nabaria da bai medio eta bai antolakuntza aldetik, , batezere NLA eta honek garatzen zuen koordinaketa lana desagerarazi ondoren. Baina arazo honi aurre egin beharrean, gure gobernuak estatuaren aldera jotzen du laguntza eske, UME delakoa tartean. Ulertezina, are gehiago Nafar Gobernuak 2013an UPNk UMErekin sinatutako hitzarmena garatzeko eta zabaltzeko asmoa adierazi duela ikusita.

Ezaguna da Nafar gizarteak betidanik militarizazioaren eta ejerzitoen aurkako jarrera erakutsi duela. Borroka askoren ondoren, tartean gazte askok espetxe zigorra jasan behar izan zutelarik, eta herritarrek derrigorrezko soldaduska desagertzea lortu ondoren, ia salbuespena izan dira armada profesionalean sartu diren nafarrak. Baina, UME ez al da armada horren atal bat? Ahaztu egin al zaigu hau dena?

Nafar gobernuak behar bezala balioetsiko balu Babes Zibileko zerbitzuek egiten duten eta egin dezaketen lana, gure ustez beste moduko neurri batzuk ikusi beharko genituzke, hala nola: baso suteetan espezializaturiko talde propio baten garapena, edo eta bertakoak diren eta eskarmentu handia daukaten suhiltzaileen mobilizazio masiboaren antolaketa (UMEko kideek adina edo gehiago zalantzarik gabe). Ordez, ez genuke ikusiko, orain bezala, nola baso suteetarako kontratazioa murrizten den urtez urte.

UME armadaren atal bat da eta ondorioz haien defentsaren ideologia eta kultura gizartean zabaltzen laguntzen du. Defentsa kontzeptu hori bera ere gizartean barneratu araztea armada horren lorpen bat da, berez ejerzitoek boterearen interesak defendatzen baidituzte herriaren aurka. Horregatik, beharrezkoa da herritarren babesa eta zaintza zerbitzu publiko eta zibiletan oinarritzea. UMEk eta armadak haien partaideen lan baldintzen eskasia eta txartzea bultzatzen dute, hitzarmen laboralik ezean eta disziplina militarrean oinarritzen baitira. Aldi berean, baso suhiltzaileen lan baldintzen eskasia eta txartzea bultzatzen dute ere, eta adibide gisa hor ditugu Tracsako langileak eta haien borroka.

UMEri izugarrizko medioak eta aurrekontuak ematen dizkio estatuak: 4500 milloi euro eta 4310 partaide. Beste aldean, 19650 suhiltzaile profesional daude estatu osoan. UMEn inbertitzen diren medioak eta dirua autonomia erkidegoei eta udalei emango balitzaie, Europako lan talde zibil hoberenak eduki genitzake. Eta suteak itzaltzeko eta larrialdi egoeratan laguntzeko erabiltzen diren pertsona hoiek ez lirateke militarrak eta armadunak izango.

Beraz, honengatik guztiagatik, Nafar Gobernuari, aldaketaren gobernuari, eskatzen diogu UMErekin daukan hitzarmena eten dezala, bere klausuletan aurreikusten den moduan , eta intsumisioarekin gertatu zen bezala, gizartearen jarreran eta espirituan jar dezatela arreta, alda dezatela norabidea, aldatzea ez baita gauza bera egitea. Berandu baino lehen, aldaketa.